Helmuga berera heltzeko bideak hainbat izan daitezke.
ZERTARAKO?
Badirudi lan jakin edota ikasketa jakin bakoitzari ibilbide jakin bat dagokiola; lehen bait lehen lan mundura txertatu nahi bada Lanbide Heziketa, eta Goi Mailako ikasketak gauzatu nahi izanez gero Batxilergoa. Baina benetan horiek dira ditugun aukera bakarrak?
Behin eta berriro entzuten dugu etorkizuneko gizarteak eta lan munduak perfil berriak eskatzen dituela, agian harainoko ibilbideak ere birpentsatu beharko ditugu.
GURE PROPOSAMENA
Goi Mailako ikasketetara heltzeko zergatik ez hasi erdi mailako ziklo batetik? Lan eremu bat bere oinarritik ezagutu, geroz eta gaitasun konplexuetara.
4 urteko ibilbidea proposatzen dizuegu (2 urte erdi maila + 2 urte goi maila), STEAM prestakuntza bidelagun izanik.
ZERGATIK STEAM?
Batek pentsa dezake Erdi Mailako Teknikari Titulu bat nahikoa dela Goi Mailako ikasketetara sarbidea izateko, edota Goi Mailako Teknikari Tituluarekin nahikoa dela benetan unibertsitate sarbidea eskatzeko, eta hala da. Orduan zertarako gehigarri hau?
Orain arteko ibilbide ohikoek beren baitan indarguneak eta ahulguneak dituzte. Batxilergoko ikasleak ikasteko ohitura ezberdinak ditu, baita zientzia eta letretan oinarri teoriko zabalagoa, baina ez du inolako kontakturik izan lan munduarekin, ezta gaitasun teknikoekin. Aldiz, Lanbide Heziketako ikaslea kontrako egoeran aurkitzen da.
STEAM orduen bidez oinarri teoriko horien errefortzua bideratuko da.
METODOLOGIA
Helburua ez da 4 urte horietan Batxilergo ikasgaiak kurtsatzea edota titulua lortzea. Helburua, ikaskuntza prozesuan laguntzea eta optimizatzea da, hau da, Lanbide Heziketako ibilbidea osatzea zientzia eta humanitate arloko gaitasun klabeekin. Etorkizuneko unibertsitate etapara pausua errazteko.
Alde batetik, fisika eta matematika oinarriak lantzen dira, robotika eta programazioa bidelagun, pentsamendu konputazionala landuz.
Bestetik, komunikazioa eta izaera kritikoa, pentsatzea eta ideiak hitzetan jartzea lantzen da, irakurketa, talde eztabaida, banakako hausnarketa bidez. Idatzizko, nahiz ahozko komunikazioa landuz, betiere IKT-en laguntzaz.
Metodologia aktiboetan eta pertsonaren garapena islatzen duen ebaluazio sisteman, ez kalifikazio sistema batean, oinarritutako proiektua.
Astean 3 arratsaldez: astelehen, astearte eta osteguna 15:00-17:00etara.