Europako Batzordeak Ikaskuntzarako Itun Europarrean sartu du Euskadi

Ikaskuntzarako Itun Europearra
Euskadi da Ikaskuntzarako Itun Europarrean (EAfA, European Alliance for Apprenticeships) parte hartzen duen lehen herrialde europarra. Europako Batzordeak sustatzen duen ekimen honek, enpresa, gizarte eragile eta erakundeen arteko lankidetza bilatzen du, lanbide heziketa eta ikaskuntza sustatuz, langabeziaren kontrako ekinean.
Batzordeko Hezkuntza eta Kultura Zuzendaritzak eta Enplegu, Gizarte Politikak eta Inklusio Zuzendaritzak elkarrekin sustatzen duten Itun honetako kide dira: enpresa sareak, merkataritza ganberak eta lanbide heziketaren nahiz enpleguaren alorretako plataforma europarrak, besteak beste. Oraindik sartu berri, Euskadi da, hala ere, Itunean parte hartzaile den Europako lehen herrialdea eta bakarra
Itunean parte hartzeko gonbidapena, Jorge Arevalo Lanbide Heziketarako sailburuordeak eta Ramon Martinez de Murguia Heziketa eta Ikaskuntza zuzendariak iazko urrian Bruselako Zuzendaritza horietako ordezkariekin, Lanbide Heziketarako Euskal Estrategia aurkezteko helburuz izan zituzten bileren ondotik etorri da.

Euskadiko Lanbide Heziketa-modeloa
Europako erakundeok inpresio bikaina jaso zuten Euskadiko Lanbide Heziketarekin, eta Europarako erreferentetzat hartu zuten.
Interes nabarmena sortu zuen Bruselan, Euskadin Lanbide Heziketako ikastetxeen eta enpresen artean dagoen harremanak, eta ikastetxeen antolamenduan garatzen ari den ereduak; antolamendu malgua eta eraginkorra, enpresek eta enpleguak eskatzen dituzten aldaketen aurrean erantzuteko gaitasun handia daukana. Horregatik, Europako Batzordea hurbiletik ari da jarraitzen Lanbide Heziketarako euskal Estrategiaren emaitzak eta garapena. Horren erakusle dira, Itunean parte hartzeko Euskadiri eman zaion aukera batetik, eta bestetik Euskadi Europan praktika onen erreferentzia gisa hartu izana, Lanbide Heziketari dagokionez.

Euskal Lanbide Heziketari aitorpena

Itunean parte hartzea, Euskadiko Lanbide Heziketarentzat Europatik datorren beste aitorpen bat gehiago da.
Euskadik Itun honetara egingo duen ekarpenen artean, bere esperientzian dituen zehaztasuna eta esperientzia daude, esparruaren gaineko ezagutza eta herrialde-ikuspegiarekin batera. Era berean, garrantzi handiko proiektu europar batean parte hartzeko aukera ematen dio gure erkidegoari, eta Lanbide Heziketari perspektiba berriak ekarriko dizkio, Itunak eskaintzen dituen ekintza bateratuetara elkartzeko moduarekin.
Euskadik ere beste herrialde batzuetako funtzionamendu eta esperientziak ezagutuko ditu, eta harreman berriak ezarriko, elkarlanera eta ikasle nahiz irakasleen trukera zuzenduak. Lanbide Heziketarako Euskal Estrategia sendotu egiten da honela, eta Europako ekimenik esanguratsuenetan partaide da artean, datu eta emaitza positoboekin.
Ikaskuntzarako Itun Europarrak uste sendo bat du bere sorreran: ikaskuntzak eta prestakuntzak hezkuntzatik lan mundurako trantsizioa erraztu egiten dutela, eta enpleagarritasuna indartzen dutela. Gauza nabarmena da Lanbide Heziketa eta Ikaskuntza sistema sendoa duten herriek langabezia maila apalagoa dutela gazteen artean. Itunaren helburuen artean daude, ikaskuntza-eskaintzaren kalitatea hobetzea, gazteen enplegua sustatzea eta lan eskaintzen eta eskarien artean dagoen aldea murriztea.


 

Geure eta hirugarrenen cookieak erabiltzen ditugu publizitate pertsonalizatua erakusteko, zure nabigazioaren arabera. Nabigatzen jarraitzen baduzu cookien erabilera onartuko duzu.Informazio gehiago