Jon Turrado Pérez, Usurbilgo Lanbide Eskolako Energia Berriztagarriak goi mailako zikloko ikaslea, Gipuzkoa Ekin ekimeneko finalista izan da "Urarmilla" proiektu berritzailearekin. Ekimen honek gazteen ekintzailetza eta proiektu jasangarriak bultzatzen ditu, eta Jonek egindako lana nabarmendu da berrikuntza, ingurumenarekiko konpromisoa eta erabilgarritasuna uztartzen dituelako.
Urarmilla: dutxaren erabilera arduratsua sustatzeko sistema adimentsua
“Urarmilla” proiektuak irtenbide berritzailea eskaintzen du ura eta energiaren kontsumoa modu eraginkorrean kudeatzeko kirol-zentroetan (publiko zein pribatu). Proiektuaren ardatz nagusia eskumuturreko adimendun bat da, erabiltzaileei dutxak aktibatzeko aukera ematen diena RFID edo NFC teknologiaren bidez.
Sistema honek denbora mugatuko dutxa-erabilera ahalbidetzen du eta argi-seinale bisualak eskaintzen ditu (urdina hasieran eta gorria amaiera gertu dagoela ohartarazteko). Behin denbora igarota, ur-jarioa eta argiak automatikoki itzaltzen dira, baliabideen erabilera gehiegizkoa saihesteko.
Zorionak, Jon!
Zorionak Jon Turradori egindako lanagatik eta ekimen honetan finalista izateagatik. Urarmilla proiektuak argi erakusten du Lanbide Heziketan oinarritutako prestakuntzak etorkizun jasangarriago eta berritzaileago baterako ateak ireki ditzakeela.